Gernika - Lumo

​Gernika – Lumo da gure herriko izen ofiziala, baina askok ez dakite, herriko “abizen” hori nondik datorren. Erdi Aroan, ingurune honetan Gernika izeneko bizilekua zegoen, baina Lumoko portua izenarekin zen ezagunagoa, herri horren lurretan zegoelako. Gernikak bazuen portu komertzial bat. Paduran kokatutako etxeek burdinazko uztaiak zituzten euren aurreko hormetan, itsasontziak atrakatzeko. Herri horretatik hiru bide komertzial oso garrantzitsu zihoazen:

  • Done Jaku​e Bidea: kostaldetik doan bidea. 
  • Zin ibilbidea: Bizkaiko Jaunak egiten zuen ibilbidea zen. Lege Zaharrean azaltzen zenez, Bizkaiko jaunak lege eta ohitura zaharrak onartu behar zituen karguaz jabetzeko.
  • Ardo eta Arrainaren Ibilbidea: Bermeon abiatuta Durangotik pasatu eta Gaztelara zuzentzen zena. Gaur egun ardoaren eta arrainaren bide bezala ezagutzen dugu. Bertatik Gaztelako artilea, Errioxako ardoa eta Bermeoko arraina garraiatzen ziren. ​​

​​1366an, Bizkaiko Jauna izanik, Don Tellok elementu horiek kontuan hartu zituen eta Gernikari hiribildu titulua ematea erabaki zuen (1366ko apirilaren 28an). Don Telloren irudian ikus dezakegunez, esku batean hiri-gutuna du eta bestean ezpata. Une horretatik aurrera, Gernikaren eta Lumoren arteko liskarrak hasi ziren. Liskarrik larrienak 1575ean gertatu ziren, eta Lumok auzi nagusietako bat irabazi zuen. Horren ondorioz, Gernika mugarriztatu behar izan zen eta bere hirigunera mugatuta geratu zen. Une horretan bost kale zituen soilik: Artekale, Goienkale, Barrenkale eta Azokakale, eta zeharkale bat: Santa Maria, eta, horiekin batera, Santa Maria Eliza harresiaren barruan eta San Juan Eliza harresitik kanpo. Gernikak hesi bat zuen, harresiaren funtzioa betetzen zuena. 

Egoera horrek 1882ra arte iraun zuen, hau da, Gernikak eta Lumok bat egin zuten arte. Batasun horren oroimenez kale bat dago Gernikan: “8 de Enero” Batasun horri esker, hiriaren garapen ekonomikoa hasi zen: trenbidea iritsi zen –XIX. mendearen amaieran-, itsasadarra kanalizatu zen eta arma-lantegiak eta bestelako tailerrak ireki ziren.​