“Guernica” mihisea Parisko Erakusketa Unibertsalean inauguratu zen, 1937ko uztailaren 12an, pabiloi espainiarrean. Gerrei egindako kritika adierazten zuen obrak, eta baita garai hartan indartzen ari ziren diktadura faxista europarrei ere (Hitler Alemanian, Mussolini Italian, Franco Espainian). Hala ere, Parisen ez zuten “Guernica” txalo zaparradaka hartu, gerora gertatu bezala. Ikusleek muzin egin zioten gerraren irudi gogorra baino erakusten ez zuen lanari. Zuri beltzeko koadroa ez zuten ulertu, ezta figurak ere. Kritikariek ere ez zuten ulertu eta baloratu Picassoren koadroa. Erakusketa Unibertsalaren ostean, koadroa hara eta hona ibili zen, Europan eta Amerikan.
Koadroa herriari ematea zen Picassoren nahia, estatu espainiarra errepublika demokratikoa bihurtutakoan. Koadroa New York-en izan zen 1981eko irailaren 10era arte. Egun horretan Madrilera (Espainia) lekualdatu zuten. Hasieran Cason del Buen Retiron (El Prado museoari datxekion eraikina) izan zuten koadroa. Segurtasun neurri itzelak izan zituen koadroak, balen kontrako kristal baten atzean zegoen, poliziak babestuta… Gero, 1992. urtetik aurrera, Reina Sofia museoan ikus daiteke eta gaur egun ere bertan dago. Europa eta Amerikako 30 herrialdetan egon da ikusgai.
Gernikan koadroaren erreprodukzioa dago, tamaina naturalekoa. 1997. urteko bonbardaketaren 60. urteurrenean inauguratu zena. Erreprodukzioaren behe aldean irakurtzen da “Guernica Gernikara” inskripzioak Euskal Herriaren eskabidea adierazten du, koadroa bertora lekualdatu eta hemen ikusgai jartzeko.