Lehen ere esana dugu, Gernikako bonbardaketa 1937ko apirilaren 26an izan zen, astelehena, azoka eguna. Egun horietan urduritasuna hasi zen zabaltzen zonalde honetan. Durango bonbardatu berri zuten, eta Gernikatik Durangora 30 kilometroko distantzia baino ez dago. Azoka ohi bezala egin zuten astelehen horretan. Ezin da ziurtatu zenbat jende zegoen egun horretan Gernikan, 10.000-12.000, gutxi gorabehera. Arratsaldeko 16:20an Andra Maria elizako kanpai hotsek herriko biztanleria alertatu zuten: hegazkin etsaiak iristen ari ziren herrira. Hegazkin gehienak alemanak ziren“Kondor Legioa”koak. Beste gutxi batzuk, italiarrak, “Aviazione Legionaria”-koak. Gasteiz, Burgos eta Sorian zeuden kokatuta bonbardaketarako erabili zituzten aerodromoak. Hegazkinak etorri bazetozela jakindakoan, gernikarrek babeslekuetara jo zuten eta ia lau ordu iraun zuten haietan, bonbardaketa amaitu arte. Etengabeko erasoa izan zen, atsedenik gabekoa:
- Hasieran bonba jaurtitzaileak erabili zituzten eta ehiza-hegazkinak herritarrak alertatu eta babeslekuetan gordetzera behartuz, herrigunean. Gero, ehiza-hegazkinak zirkuluan aritu ziren hirigunetik inork ihes egin ez zezan.
- Jaurtiki zituzten lehen bonbak apurtzaileak izan ziren 50 eta 250 kg pisu artekoak, eraikinak txikitzearren. Teilatuak apurtzen zituzten bonba hauek eta behin lurrean krater handiak eragiten zituzten. Garai hartako egurrezko egiturak agerian geratzen ziren, hortaz.
- Gero, su bonbak jaurtiki zituzten. Kilo 1 eta biren artekoak ziren, altzairuz eginak eta magnesio, aluminio eta zink aleazioa zuten. Hori zela eta, beste edozein metalarekin nahastean, su kontrolaezina eragiten zuten eta 1.500 graduko tenperatura. Honen ondorioz, Gernika su-garretan jarri zuten.
- Hirigunetik ihesean saiatu zirenak metrailatu egin zituzten ehiza-hegazkinek, 50 metroko altueratik edo. Gernikako sarrera-irteeretan jardun zuten hegazkinek, zirkuluan hegan eginez. Horrela, biztanleria su-perimetroaren barruan geratzen zen. Gernikako erdiguneko kaleak estuak ziren eta eraikinak ia-ia elkarren ondoan zeuden eraikiak. Sua, hortaz, berehala zabaldu zen, eta hartu zuen indarra.
Gernika hiriaren % 85 erabat suntsituta geratu zen.