Urdaibaiko Biosfera Erreserba ingurumen aldetik oso interesgarria den esparru natural bat da, UNESCOk 1984an izendapen hori eman izanak erakusten duen bezala. Oka ibaiaren estuarioa, Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatua, haren elementu erakargarrienetako bat da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan azalera handiena duen estuarioa da, eta ondoen kontserbatuta dagoena ere bai. Mila hektarea inguru ditu, marearteko zabalgunearen azpian, Laidako hondartzatik (Ibarrangelu) Gernika-Lumo hiriraino.
Gernikako erdigunetik oso gertu, goi-estuariotik doan ibilbide biribila hasten da. hamalau kilometro ditu, eta bi ertzak lotzen ditu oinezko eta txirrindularientzako pasabide baten bitartez. Horrek ahalbidetzen du Gernika-Lumotik Kortezubi eta Forura joatea, edo Murueta Puntako begiratokiraino. Estuarioa zeharkatzen duen ibilbide honetaz gozatzeaz batera, aukera izango duzu ikusteko nola egokitzen diren hango espezieak itsasgorara eta itsasbeherara. Orobat, natura gizakion erabilera eta aprobetxamenduekin elkarrekin bizitzetik eremu horretan sortutako paisaiak ikusi ahal izango dituzu.