Parke honek, 1991ko urrian inauguratua, zuhaitz eta zuhaixka barietate interesgarri bat hartzen du bere lau sektoreetan, egiturari eta konposizioari dagokionez argi eta garbi bereiziak. Iparraldean, E. Chillida eta H. Mooreren eskulturak dauden aldean, zuhaitzlandaretza irekia dago; ekialdean, berriz, Euskadi Atlantikoko lau ekosistemak daude: pagadia, hariztia, artadia eta ibaiertzeko landaredia. Ekosistema horiek zeharkatzen dituen errekatxoa hegoaldean dagoen urmael batean amaitzen da, eta parkearen gainerako zatian lorategi klasiko bat dago.
E. Chillidaren "Gure Aitaren Etxea" eskulturak Euskal Herriaren etxea irudikatzen du eta 1988. urtean jarri zuten parkean. Etxearen erdigunean, bihotzak (altzairuzko estela bat) bakea eta bizitza sinbolizatzen du, tolerantzia eta askatasunaren abaroan.
Eskultura honen alboan Henry Moore eskulturgile ingelesaren obra dago: "Large Figure in a Shelter" (Iruditzarra babeslekuan). "War Helmets" (gerrako kaskoak) bildumaren atal da eskultura hau. Artista ingelesak Bigarren Gerra handian hasi zuen bilduma egiten. Eta obra honek, hain zuzen ere, beste irudi batean txirikordatutako irudia islatzen du. Hots, giza instintu oinarrizkoena den babesa bilatu nahi izatearena. Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean jarri zuten eskultura hau herria bonbardatu zuten 60. urteurrenean.